XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

hura behetik gora, mirespenez, begira egoten zen.

Frantsesa zen.

Danielle.

Ai! Euren amek jakin izan balute haur inuxente haien soak soin xarmangarri haren leku ezkutuetara zuzenduriko maliziaz betetakoak zirela!

Baina orain lasai xamar dago.

Naturaltasun osoz dakuski gorputz polit eta ez hain polit haiek.

Egia da sasoi onenak atzean utziak dituela, berrogeita hamar urte egingo ditu irailean, lau seme-alaben gurasoa da eta oraindik, gezurra badirudi ere, maite du emaztea.

Antzinako suak eta garrak joan zaizkio, baina asko gustatzen zaizkio eguraldi ilunetan Bizkaiko Itsasoak hartzen duen kolore berdineko emaztearen begi berdeak.

Hondartzertza utzi eta errepidea gurutzatzera doa.

Beste aldetik bereganantz neskagazte bat datorkio.

Ile horia, zaldibuztan eran orraztua, begi handi gardenak, sueter mehe hori batek bularrak eutsi ezinik dituela Federiko Felliniren filmeez gogoratzen da, frakamotz estu zuriekin izter mardul beltxaranak begien bistan dituela, altuera ederra...

Udaberriko odol aldaketa atzeratu bailitzaion, orain datorkiola sentitzen duelako edo neskato eder haren hurbiltasunak gaztetu bide duelako, edo auskalo zergatik, baina, baretasuna galdu du.

-Oiga, ¿me puede decir la hora por favor?

- La hora? E... esto... A bai!

- Hamabiak laurden gutxi.

- Milesker! agur irribarretsu batez aldegin du.

Espaloitik aurrera doalarik, ohartu da abokatuaren ezkaratzeko zenbakia ja igaro duela.